Mozioa: Sexu askapenaren alde
- Published on Ostirala, 22 Ekaina 2012 13:56
- sestao
- 2 Comments
Bilduk mozioa aurkeztu du udaletxean ekainaren 28an gay, lesbiana eta transexualen askapen eguna dela aprobetxatuz, egun honek duen oroimen eta borroka zentzua azalduz. Egun horretan bertan arratsaldeko 8etan Sestaoko udaletxe aurrean egingo den kontzentrazioari babesa adierazi dio Bilduk.
Mozioa:
43 urte igaro dira New Yorkeko Stonewallen milaka ekintzaile homosexual eta polizien arteko istilu gogorrak gertatu eta LGBT askapen borrokarako hazia erein zenetik. 43 urte, homofobia soziala eta genero eta identitate oztopoen aurrean erresistentzia eta ofentsiba afektibo-sexuala garatzen hasi zenetik. 43 urte urte kalera irteten homofobia, lesfobia eta transfobia estrukturalari aurre eginez.
Homo-lesfobia eta transfobia, izan ere, ez dira kasualitatea, eta patriarkatuaren antolakuntza ereduan kokatu behar ditugu. Antolamolde honek gizon, heldu eta heterosexualengan lagatzen du gizartearen agintaritza eta jendartean ierarkia bat ezartzen du, besteak beste, aukera sexual lehenetsi, normal eta bakartzat heterosexualitatea hartuz edo sexu konportamendurako arau mugatuak ezarriz.
Elizaren eta sektore atzerakoienen ofentsiba, talde ultraeskuindarren erasoak, mespretxuak eta burlak, transexualen psikiatrizazioa, sexu orientazioa normaltasunez gozatu nahi izateagatik jazarpen, tortura edo heriotzara kondenaturik bizi behar izatea… hori da LGBT kolektiboari egun munduak eskaintzen dion errezeta. Zoritzarrez, auzi honetan Euskal Herria ez da salbuespen. Gure herri eta auzoetan ehunka eta milaka dira askatasunez jardun ezin duten nerabe, heldu edo agureak, herrietatik alde egitera beharturik ikusten direnak, institutu eta eskoletan irainduak direnak, lan munduan lehiatzeko zailtasunak dituztenak edo eraso homofobo eta transfoboen jomuga direnak. Noiz arte egongo gara itsu, mutu eta gor?
Ezin da alde batera utzi ere kapitalismoak jantzi duen kolore arrosa. Gay-les askapen borroka ito, eta desfilez, karrozaz eta “party”z saturatu gaituzte, gay mundua eurek sortutako eta bultzatutako merkatu kontsumista, bohemio, moderno, sasi-aurrerakoi, hutsal, umoristiko eta telebisiboak ordezkatzen duela irudikatu nahian.
Sestao berri bat, Ezkerralde berri bat eta Euskal Herri berri bat dauzkagu eraikitzeko mundu berri eta aske baten barruan. Heteronormatibismoaren eta ezarritako generoaren gainetik pertsona bakoitza den bezalakoa da. Horregatik, askapen borroka antipatriarkalaz bat egin eta gay lesbiana eta transexualei eta oro har herritar guztiei dei egiten diegu ezarritako konportamendu sexualerako arauekin haustera eta sistema hau errotik aldatzera.
Hau dela eta,
- Udalbatza honek ekainaren 28ak egun duen borrokarako izaera nabarmendu nahi du.
- Udalbatza honek gogorarazi nahi du, aurrerapausoz aurrerapauso, LGBT kolektiboak ez dituela oraindik beren eskubide basikoak zirtatuta, eta homofobia, lesfobia eta transfobia eguneroko ogia direla oraindik ere.
- Udalbatzak sektore ultra-kontserbadoreek aurrera daramaten ofentsiba salatzen du, LGBT askapen borrokei babes osoa adieraziz.
- Udalbatza honek gure herrian gauzatuko diren ekainaren 28aren inguruko ekintzetan parte hartzeko deialdi irekia egin nahi du. Besteak beste, egun horretan bertan, 20.00etan udaletxe aurrean egingo den kontzentrazioan.

[...] ere, ildo berean, deia luzatu du kalera irteteko. Horrekin batera, Sestaoko udalbatzari, mozio baten bitartez, sexu askapenaren inguruko aldarriarekin bat egiteko eskatu dio. Aurkeztutako mozioaren [...]
[...] que esta misma mañana, martes día 26 de junio, el ayuntamiento de Sestao ha votado sobre un texto presentado en la misma línea por la coalición Bildu, en el que proponía la adhesión a la movilización [...]